Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du zein diren 020 FA-KG-2026-0047 Foru Aginduak, urtarrilaren 27koak, ekarri dituen aldaketa nagusiak. Agindu horren bidez Gipuzkoako eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren programa aldatzen da 2025-2026 ikasturterako, eta aldaketa horiek indarrean sartzen direnetik, otsailean, 2026ko abuztuaren 31ra arte aplikatuko dira.
Arau-aldaketa hau onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2025eko azaroaren 20an emandako autoa betetzeko. Auto horrek ondoriorik gabe uzten ditu 2025eko irailaren 5eko FA-KG-2025-0421 Foru Aginduaren bidez onartutako programaren zenbait atal, eta horrek beharrezko egiten du indarrean dagoen programan dagozkion egokitzapenak sartzea.
