Donostian aurkeztuko da Mugiment Ekintza Plana urriaren 16an

Datorren ostiralean, urriaren 16an, 10:30ean, Mugiment Ekintza Planaren aurkezpena egingo da Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ekimen horren helburua herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta bizimodu aktiboagoak bultzatzea da.

Ekitaldian, jarduera fisikoa sustatzeko eta bizimodu aktiboa bultzatzeko ekimen honen jarduera-ildo nagusiak ezagutaraziko dira. Jardunaldian, planaren jarduera-ildo nagusiak eta helburuak lortzeko hainbat erakundek orain arte hartutako konpromisoak aurkeztuko dira.

Ekitaldian parte hartu nahi dutenek urriaren 14ra arte eman ahal izango dute izena. Aurkezpenari, bideo azalgarriari eta izena emateko formularioari buruzko informazioa Mugimenten webgunean dago eskuragarri.

Mugiment Gipuzkoa estrategia bat da, bizitza aktiboa sustatzeko eta sedentarismoari aurre egiteko politikak bultzatzen dituena. Estrategia honen ardatz nagusia pertsonen bizi-ohituretan eta jokabideetan aldaketa eragitea da.

Horretarako, estrategia honen baitan garatzen ditugun esku-hartze guztiek gipuzkoarren gizarte-baldintzatzaileak hartuko dituzte beti kontuan. Horregatik, estrategiaren programek kirol-eragile zuzenak eta gizarte-baldintzatzaileetan eragina duten eragileak elkarlanean eta zeharka aritzea sustatzen dute, bereziki osasunaren, gizarte-ekintzaren eta hezkuntzaren arloetan.

2017an abian jarritako estrategia hau Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak abiarazitako estrategiarekin bat dator. Gipuzkoan, Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritza eta Foru Aldundia guztiz lerrokatuta daude estrategia horrekin.