Mahai tenisa Kalean Urban Festen presente izan da

Ekainaren 26an, 27an eta 28an Donostiako Tabakaleran ospatu den Kalean Urban Fest jaialdiaren laugarren edizioan mahai tenisa ere presente izan da.

Gipuzkoa Basket Fundazioak sustatuta eta hainbat erakunde eta entitateren laguntzarekin, tartean Gipuzkoako Mahai Tenis Federazioa, Kalean Urban Festek adin guztietarako gune ireki, inklusibo eta hausnartzaile gisa hazten jarraitzen du, non kirola, kultura eta jasangarritasuna diren hiriaren ardatz nagusiak.

Kalean Urban Fest jaialdia kirola kalera ateratzeko eta herritarren arteko topaguneak sortzeko helburuarekin sortu zen. Lau edizio geroago, hazten jarraitzen dugu, baina hasierako esentzia bera mantenduz: guztiek parte hartu eta gozatzeko diseinatutako jaialdi ireki eta inklusiboa.

Blas de Otero plaza izan du erdigune, eta bertan 3×3 saskibaloi txapelketa, skatearen, eskaladaren, mahai tenisaren eta pickleballaren erakustaldiak eta jarduerak, musika emanaldiak eta publiko guztiei zuzendutako kultur eta kirol proposamenak egin dira.

Gure parte-hartzea Gipuzkoako Mahai Tenis Federazioak eta Gipuzkoa Basket Fundazioak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.