Leka Eneako Gizonezkoen Superdibisio Nazionaleko taldeak 2-4 irabazi du gaur etxetik kanpo Visit Pontevedraren aurka. Partida hau giltzarria zen bi taldeentzat datorren denboraldian Europan jokatzeko lehian.
Irundarrek Endika Díez, Dani Palacios eta Jon Ander Guerricabeitia zelairatu dituzte gaur, harrobiko zapore nabarmeneko taldea osatuz. Lehen hiru neurketetan, Endika Díezen garaipena iritsi da Nicolás Galvanoren aurka 2-3ko emaitzarekin; Dani Palaciosek, berriz, 3-2 galdu du André Coelhoren aurka; eta Jon Ander Guerricabeitiak 2-3 irabazi dio Sebastián Betancorri. Laugarren partidan, Dani Palaciosek 2-3 irabazi dio Nicolás Galvanori, eta Endika Díezek bosgarrena galdu du Sebastián Betancorren aurka 3-2. Seigarren eta erabakigarrian, Jon Ander Guerricabeitiak eta André Coelhok jokatutako neurketa 1-3ko emaitzarekin erabaki da gipuzkoarraren alde.
Garaipen honekin, Leka Eneak pauso oso garrantzitsua eman du beste urte batez Europako lehiaketetara itzultzeko borrokan. Gaur egun, Irungo klubak ligako bosgarren postua du 21 punturekin, CTT Olot eta Alicante TM taldeetatik bi puntura soilik, hurrenez hurren laugarren eta hirugarren sailkatuak.
