Juneren Hegoak elkarteak berriro ospatuko du Juneren Hegoak Eguna Errenterian, datorren larunbatean, urriaren 3an. Goizean zehar hainbat jarduera egingo dira Gernika plazan eta, eguraldi txarra eginez gero, Koldo Mitxelena ikastetxeko patiora eramango dira. Puzgarriak, eskulanak, aurpegi-margoketa, bubble balls eta Beraun Errenteria Mahai Tenisaren eskutik mahai tenisa izango dira, besteak beste. Horrez gain, photocall bat eta festari amaiera emango dion burbuila-jaia ere izango dira.
🏓 Un año más, Beraun Errenteria Mahai Tenisa participará en la jornada organizada por Juneren Hegoak pic.twitter.com/BCzsbsma5c
— Beraun Errenteria Mahai Tenisa (@errenteriatm) September 30, 2026
Erakundeko kolaboratzaile gazte Allende Urritegik goiza dinamizatuko du, eta jardunaldian parte hartuko duten elkarte lagunei emango die hitza. Abarkak, Mindarak, Pausokak eta Quitemos hierro A Uxuek beren lana errenteriarren artean ezagutaraziko dute. Bestalde, ekitaldian erakunde horien eta Juneren Hegoak elkartearen produktu solidarioak erosi ahal izango dira. Azken horrek dagoeneko prest du 2027ko egutegia.
Antolatzaileek herritarrak egun horretan Errenteriara hurbiltzera animatu dituzte, antolatutako jarduerez eta Gernika plazan izango den jai-giroaz gozatzeko. Jaiaren bidez, elkartearen lana ikusaraztea eta haurren gaixotasun bati aurre egin behar dioten familien egoeraren eta horrek eguneroko bizitzan duen eraginaren inguruan sentsibilizatzea da elkartearen helburua. Era berean, bere boluntarioen lan eskuzabala eta desinteresatua balioan jarri nahi dute; izan ere, haien ekarpenik gabe ezinezkoa litzateke elkartearen lana aurrera eramatea.
2013an sortutako elkarteak Gipuzkoako egoera zaurgarrian dauden eta beren adingabeen gaixotasunei, aniztasun funtzionaleko egoerei edota dolu-prozesuei aurre egin behar dieten familientzako babes-sare bat sortzea du helburu. Horren bidez, familien bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen hainbat aukera eskaintzea bilatzen du.
